domingo, 4 de diciembre de 2016

Errekalde auzoko Etxarri gaztetxea hustu du poliziak


Poliziaren dozena bat furgoi joan dira gaztetxearen ingurura, eta Bilboko udaltzainak barruko materiala eraman dutela salatu dute gazteek. Ehun bat auzotar eta gazte egon dira begira. "Gehiegizkoa" izan da poliziaren presentzia. Ez da istilurik egon, baina gazteek salatu dute borraz jotzeko saialdiak egon direla. 09:00 aldera iritsi dira indar errepresiboak, eta ordu hartan ez zegoen inor gaztetxe barruan.

Bilboko Udaleko iturriek BERRIA-ri esan diote Udaltzaingoaren operazioa izan dela. Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, Ertzaintza "segurtasuna gordetzeko" joan da soilik. Udaleko ordezkarien esanetan, gaztetxean ekintzak egiteko behar diren segurtasun neurriak ez betetzeagatik hartu da ixteko erabakia. Neurri horien faltaz hainbatetan ohartarazi dietela esan du udalak, baina "ez dute kasurik egin".

Gazteak Iñaki Karro abokatuarekin lanean dabiltza, salaketa jartzeko, gaztetxea "legez kanpo" hustu dutela iruditzen zaielako. Udalak ixteko agindua eman duela esan du, baina, esan duenez, Polizia hura husten ari da.

Bilboko Udalak datorren urterako aurrekontuak onartzeko ezohiko osoko bilkura zegoen goizean. Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak itxiera salatu izan du hitza hartu duenean, eta EAJri eta PSEri egotzi dei gertatutakoa. Udalberrik ere salatu du hustutzea.

Goizean Errekaldeko gazteak Bilboko udaletxera joan dira, elkarretaratze bat egiteko asmotan. Istiluak izan dira eraikina babesten zeuden ertzainekin; oldartu egin da Polizia. Gazte talde batek barrura sartzea lortu du, baina bost minuturen buruan atera egin dituzte.

Iluntzean manifestazioa burutu da Errekaldeko plazatik nahiz eta polizien furgonetaz josita egon auzoa. Asko izan dira elkartasuna erakutzi dutenak. Polizia manifestazioa eten du errepide erdian, Kukutza desalojatu zutenean sarraskia egin zuten leku berean. 3 manifestari arbitrarioki identifikatu eta gero plazan bertan bukatu da mobilizazioa.