lunes, 31 de octubre de 2016

Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak prestatzeko batzar orokorra egingo dute larunbatean Errekaleorren

11:00etan hasiko dute bilkura, Errekaleorreko gaztetxean. Otsailean egingo dituzte Gaztetxe Topaketak, Iruñean, eta horiei begira lan ildoak proposatzeko eguna izango dute larunbatekoa.


Joan den urtean Oñatin egindako topaketak positibotzat hartuta, aurten ere egingo dituzte Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak. Aurtengo topaketa Iruñean egin nahi dute, otsailean, eta hori prestatzeko batzar orokorra egingo dute larunbat honetan, azaroak 5, Gasteizko Errekaleor auzo askeko gaztetxean.

Topaketen egitaraua gaztetxe eta gazte asanbladen proposamenekin osatuko dutenez, larunbaterako lan ildoak proposatzeko galdegin diete hala nahi duten gaztetxe eta gazte asanbladei. Hiru ildo badituzte jada, halere, proposamen gisa: autodefentsa, harremanak eta bizitzarako esparruak. Oñatiko topaketen bilduma ere kaleratu dute. Hemen irakurgai.


Gaztetxe eta gazte asanbladen oharra:

Uda amaituta, aurtengo Gaztetxe Topaketak antolatzeko dinamika martxan jarri dugu. Horretarako deialdi orokor bat luzatu nahi diegu Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanblada guztiei; baita ere Gaztetxeen inguruan ikuspegi autogestionarioarekin lanean diharduten kolektibo-talde-proiektu ezberdinei. Aurtengo Gaztetxe Topaketak antolatzeko batzar orokor hori Errekaleorren ospatuko da, azaroak 5ean, larunbata, goizeko 11:00etan bertako gaztetxean.

Aurten, Topaketen egitaraua gaztetxe eta gazte asanbladen proposamenekin osatuko da; hau da, bakoitzak ze esparrutan lanean dabilen edo hasi nahi duen zehaztu eta topaketak lan ildo horien garapena bermatuko duen marko bezala baliatuko ditugu. Hortaz, azaroak 5eko batzarra proposamen zehatz horiek jasotzeko momentua izango da. Erreferentzia moduan hiru lan ildo orokor proposatu genituen udaberrian:

- Autodefentsa. Eskuratzen ditugu espazio eta bitartekoak babesteko tresnak.

- Harremanak. Gure artean eraikitzen ditugun harremanen kudeaketarako lan ildoa: generoa, botere harremanak, horizontaltasuna...

- Bizitzarako esparruak. Ekoizpen eta sorkuntzarako bitartekoak eskuratzeko eta garatzeko lan ildoa: elikadura (nekazaritza, arrantza...), hezkuntza, musika, etxebizitza, mekanika...

- Bestelakoak. Aurreko hiru ildotan lekurik ez daukaten proposamenak.

Gaztetxe edo gazte asanbladaren batek, arrazoi ezberdinengatik, ez badu bere burua gai ikusten proposamen zehatzak egiteko, ez dadila arduratu; hori ere abiapuntu bat da eta lekua dauka azaroak 5eko batzarrean zein topaketetan.

Amaitzeko, aurtengo topaketak Iruñean ospatuko dira otsaila aldera (oraindik zehazteke dago data zehatza).

P.D.: Azaroak 5eko batzarraren ondoren Errekaleorren bazkaltzeko aukera egongo da, beraz, bertan bazkaltzera geratuko denak lehenagotik abisatu beharko du ortuondogaztetxea@gmail.com emailera mezua idatziz