jueves, 21 de enero de 2016

Euskal Herriko gaztetxe eta asanbladen topaketako egitaraua aurkeztu dute

Otsailaren 19, 20 eta 21ean egingo dute Oñatiko Antixenan Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa, eta antolatu dituzten ekintzen berri eman dute. Bi ildo nagusi bereizi dituzte: asanbladak eta alternatibak.

Gaztetxe eta gazte asanbladek izan ditzaketen arazoei aurre egiteko tresnak sortu nahi dituzte topaketan. Horixe izan da Durangoko Sorginola eta Bilboko 7Katu gaztetxeetan egindako asanblada irekietan adostu dutena. Horretarako, bi lan ildo nagusi zehaztu dituzte: alternatibak eta asanbladak. Lehenengoari dagokionean, gune autogestionatuetan sortzen den bestelako aisialdi eredutik haratago joan eta bizitzako beste hainbat esparrutan sistemari pitzadurak sortzeko egon litezkeen aukerak aztertu nahi dituzte. Asanbladen ildoan, aldiz, galdera hauek jarriko dituzte mahai gainean: "Harreman parekideak al ditugu asanbladan? Belaunaldi aldaketak nola kudeatzen ditugu? Harreman horizontalagoak lortzeko bidean, nola ari gara? Guetto izaera nola ekidin dezakegu?".

Erasoen aurrean, erresistentzia

Bestetik, topaketa aprobetxatu nahi dute azkenaldian gaztetxeen aurka egiten ari diren erasoak salatzeko: "Gazteon zapalkuntzaz probesten direnen aurrean, gazteon ahalduntzerako eta bestelako bizi eredu bat sortzeko ezinbesteko bitarteko direlako erasotzen dituzte gaztetxeak". Jakinarazi dute kanpaina bat jarriko dutela martxan, eta topaketako manifestazioa izango dela horren abiapuntu. Salaketaz gain, erresistentzia tailer praktikoak ere egingo dituzte: ikuspegi juridikoa, komunikatiboa eta fisikoa landuko dute