2014/10/08

Errekaleorrekoek gazte asanbladak gonbidatu dituzte auzoa ezagutzera

Duela urtebete okupatu zuen gazte talde batek Gasteizko Errekaleor auzoko etxe bloke bat auzoa berpizteko proiektua martxan jarriz. Auzo guztia desalojatzeko arriskuak bere horretan dirauen arren, gazteek gogotsu jarraitzen dute lanean. Auzolan ugari antolatu dituzte, eta proiektua jendarteratzen ari dira azken hilabeteetan. Alternatibak eraikitzen dituzten egitasmoak elkarren artean ezagutzeko, gazte asanbladak auzoa bisitatzera gonbidatu dituzte.


Errekaleorrekoen oharra:

Sortu berri den Arrigorriagako Gazte Asanblada Errekaleorrera etorri zen aurreko asteburuan. Gainera, Gasteizko gaztetxekoek beraien hausnarketa eguna bertan egitea ere erabaki zuten. Bi bisita hauek baliatuz, auzolan ezberdinak antolatu genituen auzoan, bazkari herrikoi bat tarteko. Elkar ezagutu, ondo pasatu eta elkarrekin ikasteko aukera paregabea izan da asteburua, eta aurrerantzean sendotuko diren harremanak errotzeko aukera eman digu.

Bide horretan, edozein herritako gazte asanbladei proposamena luzatzen diegu gure auzora bisitan etortzeko, auzolanaz auzoa eraikitzen jarraitzeko, eta alternatibak eraikitzen ditugun proiektuen artean saretzen jarraitzeko!

Beraiekin harremanetan jartzeko:
•Emaila: errekaleorraitsasobihurtu@gmail.com
•Facebook: Errekaleor Bizirik

[Berria] Erreka urez gainezka dator