jueves, 5 de junio de 2014

Udalarekin harremanak eten arren, lanean jarraitzeko hautua egin du Lekeitioko Gaztetxeak


Lekeitioko Gaztetxeak eta udalak harremanak eten dituzte, gazteek 2013.urtean okupatutako eraikina dela eta. Udalak parte-hartze prozesu bat jarri nahi du martxan eraikinarekin zer egin erabakitzeko. Prozesua baldintzatuko luketela eta, bertatik irtetzeko beste eraikin bat eskaini zien udalak baina gazteek ez zuten egoki ikusi hainbat arrazoi zirela medio. Gainera, gazteek eraikin nagusia desokupatu eta eremuan dagoen lorezainarena zen etxera mugitu ziren. Gazteen iritziz, horrela “baldintza egokiak” jarriz prozesu hori garatu ahal izateko.

Udalak “gogokoak ez dituen neurriak” hartzera “behartuta” sentitzen dela adierazi du herritar guztien segurtasuna bermatzeko. Eremutik kaleratuko ez dituen arren, eraikin txikitik parkerako sarbidea itxi eta Gaztetxearen eremu konkretu horri lotutako baimen eta baliabide eskaerak atzera botako ditu. Gaztetxearen proiektuarekin bat egiten duela adierazi du udalak, hala ere, ez du “ontzat ikusten” Abaroa gunerako aurreikusita dagoen herri proiektuaren gainetik Gaztetxea hor kokatzea.

Gazteak “konbentzituta” daude lorezainarena zen eraikinean Gaztetxe bat izatea herritar guztientzako “onuragarria” dela. Ekainaren 21ean antolatuko duten inauguraziotik aurrera erakusten saiatuko direla adierazi dute. Herri osoarentzako “eskaintza zabal eta txukuna” antolatuz, eta behar duen edozein herritar zein eragileri Gaztetxeko ateak “zabal-zabalik” dituela erakutsiz.

Hainbat gaztek 2013.urteko abuztuaren 4an, 10 urtez hutsik eta erabilerarik gabeko Abaroa Jauregia okupatu zuten. Urte bereko ekainak 29an herriko Fraileen eraikina okupatu zuten baina Ertzaintzak desalojatu egin zituen “ilegalki”. Desalojatu ostean okupatu zuten egun dauden Abaroa Jauregia.


Lekeitioko Gaztetxearen oharra:

2011an, 150 gaztetik gorak parte hartuz gure arazoak biltzen zituen diagnostiko bat egin genuen. Identifikatutako arazoei aurre egiten hasteko Gaztetxe bat behar-beharrezkoa zela ikusi genuen orduan, gazteon arteko harremanak sendotzeko, gure aisialdia gestionatzeko eta borrokarako eremu bat izateko besteak beste. Horrela Gaztetxe bat lortzeko borrokari ekin genion: kalean aldarrikapena zabaldu, gazteak batu eta atxikimenduak lortzeari. Hilabete gutxitan aldarrikapena gazteon artean nahiz herrian errotu zen.

2012ko udan, herrian hutsik eta erabilerarik gabe zeuden eraikinak identifikatu ostean, euren jabeekin jarri ginen harremanetan gure proiektua azaltzeko asmoz, tartean udalarekin. Gainerako jabe guztiek ezezkoa eman arren, Udalak urrirako gasolindegi zaharra Gaztetxe izateko utziko zigula esan zigun. Bitartean, Gazteguneko solairu bat utzi zigun, udan eraikin hau hutsik egoten baita. Hala ere, arazo batzuk tarteko, abendua heldu eta Udalak oraindik ezin izan zuen agindutakoa bete eta gasolindegia Gaztetxe bezala utzi. Orduan, bide horren antzutasuna ikusita eta bide horretatik Gaztetxerik lortuko ez genuela konturatuta, okupazioaren bidea hartzea ikusi genuen geratzen zitzaigun aukera bakar bezala. Bide berri horri hasiera emateko, abenduaren 22an, herri manifestazio jendetsu batek zeharkatu zituen gure herriko kaleak: “han, hor edo hamen, Gaztetxia aurten!” lemapean. Bide horretatik, 2013ko uztail hasieran abandonatuta zegoen fraileen eskola zaharra okupatu genuen, baina 5 egunetara desalojatuak izan ginen.

Abaroa Jauregiari dagokionez:
Desalojo horren aurrean besoak gurutzatuta gelditu beharrean, abuztuaren 4an, 10 urtez hutsik eta erabilerarik gabe egondako Abaroa Jauregira sartu ginen. Udalaren jabetzakoa izanik eta honek, momentu horretan, eraikin horretan proiekturik martxan ez zuela ikusirik, eraikina biziberritu eta herriarena zena herriari zabaltzeko erabakia hartu genuen.

Udalak hainbat arrazoi tarteko (bere hitzetan, eraikinaren ondare izaera eta eraikinaren egoera eskasa) adierazi zigun ez zuela bertan Gaztetxerik nahi. Eta Gaztegunea eskaini zigun alternatiba bezala. Aukera hori baloratu ostean, ezetz esatea erabaki genuen. Izan ere, Gazteguneak jada, bai baitzuen erabilera zehatz bat (haur eta gaztetxoen aisialdirako gunea baita) eta ez genuen beste proiekturik oztopatu nahi.

Baina, Udalarekin ahalik eta giro onena izateko, ondare izaera errespetatzeko asmoz eta guztion segurtasuna zaintzeko asmoz, gure jarduna Abaroa Jauregiaren aldamenean dagoen eraikin txikira mugatze erabaki genuen. Lehen lorezainarena zen eraikinera. Ordutik, negu osoan zehar eraikin txiki hori txukuntzen, berriztatzen eta erabilgarri jartzen ibili gara, ahalik eta arinen Lekeitioko herriari Gaztetxea zabaltzeko ilusioarekin. Gainera, herritar talde bat auzolanean Abaroa eremuko lorategia txukuntzen zegoela ikusita eurei laguntzeko prest agertu ginen hasiera-hasieratik eta horrela ibili ginen udan zehar.

Egia da, abenduan, Udalak alde zaharrean dagoen eraikin bateko beheko solairuaren erdia eskaini zigula gazteon erabilerarako. Baina Gazte Asanbladaren ustez, leku horrek ez zituen baldintzak betetzen. Metro karratuak badituen arren, huts-hutsik dagoen pabelloi bat delako, eta ez inondik inora eraikin bat. Horrez gain, erabilgarri jarri ahal izateko obra handia egin beharko litzateke: komunak egin, ura sartu, hormak eraiki, zorua jarri, argiztapena jarri, leihoak jarri eta abar. Alde zaharrean kokatuta egonik, auzokideak hurbilegi ditu eta inguruan ez dauka espazio zabalik, kale tarte batean baitago. Gainera, epe luzerako berme nahikorik ez duela uste dugu, jabeek urte batzuetara beste proiekturen bat izan dezaketelako eraikin horrentzat. Beraz, aukera hori baloratu ostean, Gaztetxe bat martxan jartzeko baldintza egokiak betetzen ez zituela ikusita ez mugitzea erabaki genuen.

Bestalde, hilabete horren bueltan Udalak jakinarazi zigun Abaroa eremuaren erabilera zehazteko, 2014ko udazkenean parte hartze prozesu herritar bat jarriko zuela martxan. Orduan, horren jakitun, hau ahalik eta gutxien baldintzatzeko asmoz, prozesuaren ardatza den Jauregia desokupatu egin genuela adierazi genion Udalari.

Hala ere, esan bezala, Gaztetxe proiektuak aurrera jarraitzeko ezinbestekoa dela ikusita lorezainarena zen etxean jarraitzea erabaki dugu. Eremuaren barruan egon arren, Jauregitik distantzia handi batera kokatuta dagoenez, uste dugu, Jauregiak hartuko lukeen ia edozein erabilerarekin uztargarria dela bertan Gaztetxea egotea. Konbentzituta gaude eraikin txiki horretan Gaztetxe bat izatea herritar guztiontzako onuragarria dela. Eta inauguraziotik aurrera hau erakusten saiatuko gara. Herri osoarentzako eskaintza zabal eta txukuna antolatuz, eta behar duen edozein herritar zein eragileri Gaztetxeko ateak zabal zabalik dituela erakutsiz.

Badakigu parte hartze prozesua eremu osoaren ingurukoa dela. Baina argi dago Jauregia dela ardatza. Behin hortik irtenda, uste dugu, baldintza egokiak jarri ditugula prozesu hori garatu ahal izateko. Hala ere, zalantzarik balego, argi adierazi nahi dugu prozesu horretan herriak erabakitzen duena errespetatuko dugula. Ezin zitekeen bestela izan. Gainera, herriko eragile bezala prozesuan modu aktiboan parte hartzeko nahia ere adierazi nahi diogu Udalari.

Amaitzeko, azken urteetan egin bezala, hemendik aurrera ere, eta bidean izan ditzakegun oztopoak oztopo, Gazte Asanbladatik gazteon arazoak salatzen eta hauei aurre egiteko alternatiba errealak eraikitzen jarraitzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu. Ekainaren 21etik aurrera herriari ahalik eta Gaztetxe txukunena zabaltzeko ilusioa dugu.


Udalaren prentsa oharra