viernes, 16 de mayo de 2014

Mena kaleko hiru familia etxetik bota dituzte



Goizeko lehen orduetan Mena kalea ertzainez bete da. 09:15ean agertu dira epaitegiko langileak eta dagoeneko hiru familiak etxetik bota dituzte. 200 lagun inguruk elkarretaratzea egin dute kalearen bi aldeetan familiei babesa agertuz.

Hainbat hiritar Mena kaleko hiru familiaren etxe kaleratzea ekiditen ahalegindu dira goizean goizetik. SOS Arrazakeriak 08:30ean elkarretaratzea deitu bazuen ere, jendea heldu denerako Ertzaintza bertan zegoen. Kalea bi aldeetatik moztu dute eta jendea bi izkinetan pilatu da. Alde batean eserialdia egin dute eta bestean, oihuak etengabekoak izan dira.

09:15ean, epaitegiko komisio bat Mena kaleko 3.zenbakira gerturatu da ertzainek babestuta. Bertan zeuden lagunek oihu artean hartu dituzte eta momentu oro, balkoietan zeuden hiru familiei indarra erakutsi diete.

Denbora luzez egon dira eraikinean eta 10:30ak aldera familiak bana-bana kaleratzen hasi dira. Lehen eta bigarren solairukoak izan dira irteten lehenak. Etxeak hutsik zituzten, etxea uzteko prestatuta zauden. Orain arteko bizitokia galduta, lagun eta senideen ekarpenei esker, aurkitu dute bizitoki berria.

Irteten azkena 3.solairuko sendia izan da. Hauen kasua "desberdina" izan da SOS Arrazakeriak elkartearen arabera. Elkartekideek eta auzokideek jakinarazi arren kaleratuak izango zirela, PROINSUCO S.L. enpresak emandako hitza "sinetsita" egon da sendia. Horregatik ez du gaur arte etxea hustu. 11:00etan hasi dira etxeko tresnak ateratzen maleta eta kutxetan.

Kritikak Udalari

Udaleko bi gizarte laguntzailek hirugarren sendiari Udal Etxebizitza zerbitzuko pisu bat eskaintzeko "konpromisoa" hartu dute, baina ez hurrengo asteartea baino lehen. SOS Arrazakeriak elkarteko Brijida Ridruejoren esanetan Udala, lehen administrazio bezala, "berandu" eta "txarto" aritu da. "Emergentzia kasuetarako 30 etxebizitza dauzka eta 15 baino ez beteta. Eta hau emergentzia egoera da".

Administrazioen lana gogor kritikatu du SOS Arrazakeriak elkarteak, bai Udala, bai Bizkaiko Foru Aldundia, bai Eusko Jaurlaritza. Baina batik bat Bilboko Udala "gaurko kasua duela hilabete ezagutzen zuelako eta ez duelako ondo jokatu". Brijida Ridruejok Bilboko higiezinen datuak publiko egiteko eskatu die udal ordezkariei: "Udalak etxebizitza asko hutsik dauzka. Ez dugu ezagutzen kopurua ez zelan aldatu den".

Tentsio uneak

Goizean goizetik tentsio une ugari izan dira familia kaleratuei elkartasuna ematera hurbildun diren hiritar eta Ertzaintzaren artean. Urduritasun handiko bi une izan dira batik bat. Lehenengoa Mena kaleko errepidean 25 pertsona inguru eseri direnean Ertzaintzaren furgona bati bidea eragotziz. Bestea, berriz, 3. ataritik kaleko jantzia zeramaten hiru agente, betaurrekoekin eta zapiekin aurpegia estalita zutela, jendartetik pasa direnean izan da. Txistu eta oihu egin diete eta zenbait pertsonek atzetik jarraitzean agenteetako batek porra luzagarria atera du.

Hurrengo Mena kaleko 1. atariko bizilagunak

Mena kaleko 3. atariko hiru familia kaleratuen bide bera daramate kale berdineko 1. atariko bizilagunek. Eurei ere iruzur egin die PROINSUCO S.L. enpresak eta, Besarkatu aterpeko Jabi Sierraren arabera, "baliteke hilabete hauetan egoera berbera errepikatzea". Etorkinak dira bi atari horietan alokairuan bizi diren pertsonak eta Sierraren esanetan "ez da kasualitatea", besteak beste, etorkinek horrelako iruzur kasuetan "erantzuteko beldur gehiago izaten dute".

Uriola.info-tik ateratako informazioa