lunes, 9 de diciembre de 2013

Erribera 13 gunean «zirriborroa» errealitate bihurtzera deitu dute

Pixkanaka «bizitzaz betetzen» ari da Erribera 13. Uztail amaieran okupatu zuten Bilbon Erribera kaleko 13. zenbakian dagoen eraikina, eta, lehenbiziko konpontze eta atontze lanak egin ondoren, ostiral iluntzean zabaldu zituen ateak, auzokoek ezagut dezaten. Baina proiektua oraindik «zirriborroa» da, proiektuan parte hartzen ari direnen esanetan. Hala ohartarazi diete ingurukoei: «Errealitate bihurtzeko, ezinbestekoa izango da zuen laguntza. Guztion artean, kapitalera lotzen gaituzten kateak hautsi ditzakegu».


Erribera 13 gune «euskaldun, feminista, autoritatearen aurkakoa eta autogestionatua» izatea nahi dute; hortik aurrera, hala ere, zehazteko daude eraikinak hartuko dituen egitasmoak. «Metro koadro asko dauzkagu, bizitzaz, mugimenduz eta alternatibaz betetzeko zain. Eraikin honen potentziala gure borondateak, lanak eta parte hartzeak bultzatuko du».

Izan ere, zazpi solairu dauzka etxeak, baina lan handia dago barruan egiteko: eraikuntza enpresa batek erosi zuen hotel bat egiteko asmoz, baina proiektua bertan behera geratu zen, eta barruko aldea suntsituta utzita alde egin zuen enpresak. Hartara, proiektuak proposatzera ez ezik, eguneroko egokitze lanetan laguntzera ere deitu dute.

Uztail bukaeran okupatu zuten eraikina, Bilbok azken urteetan daraman «nora ezari» aurre egiteko asmoarekin. «Nora ezak erantzule oso zehatzak ditu: gure miseriari esker aberasten diren espekulatzaileak eta politikari ustelak», adierazi zuten okupazioaren berri ematean. Azaldu dute okupazioa 1970eko hamarkadatik hainbat lekutan abiarazitako ekintzetan oinarrituta dagoela.

Iturria: Berria