martes, 18 de junio de 2013

Itxi egin dute joan den larunbatean okupatutako Santutxuko gaztetxea


Gaur Ritxi plazako gaztetxe berrian lan eguna zen. Joan den larunbatean Gazte Asanbladaren 20 urtemugako ospakizunen baitan auzoko hainbat gaztek okupatu zuten lokalean garbiketa eta atonketa lanak burutzeko hitzordua jarrita zuten. Goizean Udaltzainak agertu dira lokalaren jabeak sarraila aldatu ahal izateko eta azkenik sarraila aldatzea lortu dute.

Santutxuko Gazte Asanbladak iragarri duenez “ateak itxiko dizkigute, sarrailak aldatu, baina ez dituzte gure ametsak tapiatuko”. Asanbladak bere 20. urteurrenerako hautatutako goiburuari tinko eutsi dio gaztetxe berria itxi ondoren ere: “Jaio ginen, bizi gara! Okupazioa aurrera!”, esaldiak errepikatuz.

“Onartezina eta lotsagarria da”, Bildu koalizioaren iritziz, “30 urtez lokalak hutsik uztea eta gazteek erabilgarritasuna ematen dietenean polizia bidaltzea”. Bilduk Santutxuko gaztetxe berriaren “hustuketa salatu” du eguerdian. Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak adierazi duenez “auzoetako ekimen hauek ez dira kasualitatearen fruitua, baizik eta udalak asetzen ez dituen auzoen beharrizanena. Ekimen hauen helburua gazteen lan boluntarioaren bitartez auzoari eskaintza kultural eta soziala eskaintzea da”. Bilduren zinegotziak gogoratu duenez, “eskaintza kultural honen beharra dagoela frogatu da eta udalari gogoratu behar diogu, Kukutzan eta Patakonen bezala, ez diola inolako kosturik suposatu, hau da 0 euro”.