lunes, 11 de marzo de 2013

Bi lagun epaitu dituzte Kukutzaren eraistean desordena publikoa egitea egotzita

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak elkarretaratzea egin du gaur goizean Bilboko epaitegietan, Kukutzaren huste eta eraistearen ondorioz Udaletxe inguruan gertatutako istiluetan desordena publikoa egin izana leporatzen dieten bi gazteren aurkako epaiketa burutu baita.



Goizeko 11:00etan hasi da, Kukutzaren hustean Udaletxe inguruetan izandako istiluetan atxilotuak izan ziren bi lagunen aurkako epaiketa. Biei desordena publikoa egitea egozten diete eta 22 hilabeteko kartzela zigorrari egin behar diote aurre. Auzia salatzeko Kukutzarekin Elkartasun Taldeak mobilizazio burutu du 10:30ean epaitegien aurrean eta hainbat norbanako bertara hurbildu dira epaituei babesa helaraztera.

Elkarretaratzean Ane Miren Undak Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideak hartu du hitza esanez, gaurko epaiketan, orain artekoetan gertatu den bezala, “atxiloketak bidegabeak eta justifikaziorik gabekoak” izan zirela agerian geratzea espero dutela. Izan ere, bi epaituetako bat Uribarriko jaietara zihoala atxilotu baitzuten.

Bestalde datozen asteetan beste bi epaiketa emango direla jakinarazi du Undak. Lehenengoa apirilaren 16an izango da eta horretan, ertzain bat izango da akusatua 2011ko irailaren 21ean Ametzolako tren geltoki aurrean gazte bati eraso egitea leporatuta. Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideak azaldu duenez, hainbat dokumentu grafiko daude eraso hori baieztatzen dutenak. Era berean, salatu nahi izan du egun horietan Errekaldera gerturatu ziren 7.000 lagunetatik 80 baino gehiago izan zirela atxilotuak eta 103 mediku txosten dituztela, nahita zaurituen kopurua handiago izan zen. Gauzak horrela, “ulergaitza” iruditzen zaio hainbat pertsona atxilotu eta identifikatu zituzten bitartean, ertzain bakarra izatea epailearen aurretik pasako dena.

Apirilean ere beste epaiketa bat egongo dela aurreikusi du. Horretan, 2011ko irailaren 23an Errekaldeko plazaren inguruetan atxilotutako 20 lagun epaituko dituzte desordena publikoak egotzita. Guztiei 18 eta 30 hilabete bitarteko espetxe zigorrak eskatu dizkie akusazioak.



Iturria: Bilboko Branka