2013/02/28

Kukutza botatzeko baimena legezkotzat jo du epaileak

Administrazioarekiko Auzien Bilboko 5. Epaitegiaren ustez, Bilboko Udalak «zuzen» jokatu zuen 2011ko irailean, Errekalde auzoko Kukutza III gaztetxearen eraikina botatzeko baimena eman zuenean. Errekaldeberriz auzo elkarteak ohar bidez adierazi du amaitutzat ematen duela borroka hori, baina ez da inola ere bat etorri epaiarekin; «egoera objektiboki bidegabeak justifikatzea» leporatu dio.



Eraispen baimenaren tramiteetan okerrak zeudelakoan jarri zuen auzo elkarteak helegitea, hirigintza araudiak urratzea egotzita udalari: eraispen lizentzia eskuratzeko, lurzorua birzatitzeko proiektua eskatu ohi du udalak; Cabisa eraikuntza enpresak —azpiegituraren jabetza zuen— ez zuen halakorik aurkeztu, baina, hala ere, udalak baimena eman zion. Errekaldeberrizek uste du udalak tramiteak azkartu zituela, «Kukutzarekiko elkartasun olatua mozteko». Ordurako, hamahiru urte zeramatzan gaztetxeak leku hartan; Cabisak udaberrian eraikina botatzeko asmoa agertu zuenetik, bata bestearen atzetik heldu ziren kexak.

Edonola ere, epaiak ebatzi du dokumentazio hura ez zela beharrezkoa, eraikinak utziko zuen lur sailean egin beharreko proiektuaren berri ez emateagatik ezin zutelako eraispen baimena bertan behera utzi. Azpiegitura botatzeko erabakia Cabisak hartu zuela nabarmendu du, eta enpresak horretarako zilegitasuna bazeukala erantsi: «Eraikina erabiltzeko eskubidea zuen, haren jabea zen aldetik».

Gainera, udalaren jokabidea babestu du, Espainiako Konstituzioak eta legeek ezarritakoa bete zuelakoan: «Aukera gutxi geratu zitzaizkion; eraistea baimentzera behartuta dago arauen eskakizunak betetzen baditu». Interes publikoaren izenean eraikina desjabetzeko aukera ere baztertu du epaiak: «Jabeari ezin zaio jabetza kendu bere borondatearen kontra, kalte-ordaina emanda ere».

«Horrelako epaia atera izanak ez gaitu harritu», erantzun du Errekaldeberrizek. «Eskubide murrizketen garaian» kokatu du ebazpena, «espekulatzaileen interesak lehenesten» dituen abagunean. 2011ko irailaren 21ean hustu zuen Ertzaintzak Kukutza gaztetxea, eta hilaren 23an hasi zituzten azpiegitura eraisteko lanak, mobilizazio handiak tarteko. Auzo elkarteak esan du historiak «lotsaz» gogoratuko dituela egun haiek, eta gogora ekarri du Kukutzak utzitako orubean ez dutela ezer eraiki, ia urte eta erdi pasatu den arren: «Lehen Errekaldeko bihotza zen tokia orain arratoiei utzitako espazioa da. Agerian geratu da eraikitzeko zuten ustezko presa gezurra zela. Orain justiziak errugabetu ditu, baina historiak ez ditu errugabetuko».