lunes, 5 de noviembre de 2012

9 lagunen deklarazioarekin hasi da Patakonen aurkako auzia

Gaur goizean Patakoneko akusatuen auzia abiatu da Bilboko epaitegian eta auzipetu dituzten 24 auzokideetatik 9 lagun epailearen aurretik igaro dira. Hurrengo astelehenean, hilaren 12an, azkenengo deklarazioak burutuko dituzte. Gauzak horrela, Patakoneko kideek elkarretaratzea deitu dute egun berean, 09:30ean, Buenos Aires kaleko epaitegietan.

Patakoneko 9 kide epailearen aurretik pasatu dira gaur goizean. Guztira 24 dira gaztetxearen okupazioaren harira inputatuko lagunak eta gainontzeko deklarazioak astelehenean izango dira. Egoera salatzeko; horrelako proiektuen kriminalizazioei muzin egiteko eta okupazioaren aldeko aldarria zabaltzeko asmoz, Patakoneko gazteek mobilizazioa deitu dute, astelehenean, hilaren 12an, azkenengo deklarazioak burutu bitartean, epaitegien aurrean.

Uribarriko gazteek mezu bat zabaldu dute gaurko egunean salatuz, 24 auzipetuak “50 urte baino gehiagoz hutsik egon den eraikin bat okupatzeagatik eta auzolanean auzoa biziberritzeko helburua duen proiektu bat garatzeagatik” akusatu dituztela. Gogora ekarri dute ere, pertsona horiek “ezustean” identifikatu zituztela eraikina atontzen zuten bitartean eta Patakonen proiektuaren alde lan egin duten pertsona guztiak kontuan hartuta, “24ak zigortuz gero, auzo oso bat zigortzen” dutela.

Gauzak horrela, inputatutako lagunei babesa helarazi diete eta azpimarratu dute desalojoak ez duela “euren proiektua geldiaraziko eta auzoaren hutsuneak beteko dituen alternatibak eraikitzen jarraituko” dutela.

Bestalde, Plentziko Ermitatze Gaztetxeko kideek azaroaren 20rako kontzentrazio batera deitu dute beraien aurkako epaiketa dela eta. Informazio gehiago edukiko dugunean jakinaraziko dizuegu.

Bilboko Brankak egindako bideoa ikusi: