martes, 18 de septiembre de 2012

Santutxuko Uztaldi Gaztetxea desalojo arriskuan dago

Epaileak irailaren 5ean sinatu zuen huste agindua eta Ertzaintzak edozein unetan gauza lezake. Gaztetxeko kideek diote 10 urte itxita zeramatzan lokal bati erabilpena eman diotela, Udalak asetzen ez dituen beharrizanak “autogestioaren bidez asetzeko”.

Okupazio Bulegoaren abokatuak jakinarazi dienez, Ertzaintzak identifikatutako gazteak epailearen aurretik pasa ziren egunean bertan, irailaren 5ean, Uztaldi Gaztetxearen aurkako huste agindua sinatu zuen epaileak. Ertzaintzak dagoeneko agindu hori jaso duenez, desalojoa edozein unetan burutu daiteke.

Hala ere, hedabideei helarazitako ohar batean gazte asanbladak argi utzi nahi izan du erabaki horrek “ezin duela gure jarrera aldatu; gure plangintzarekin aurrera jarraituko dugu lehen geneukan indar eta ilusio berdinez, edo gehiagoz. Kanpaina antikapitalistarekin jarraituz, datorren astean ekintzak izango ditugu gaztetxean”, hortaz, Uztaldira hurbiltzeko deia luzatu diete gaztetxea auzoarentzat beharrezkoa dela uste duten lagun guztiei.

Era berean, Uztaldiko kideek “legediaren zilegitasun eza” azpimarratu nahi izan dute “herritarren aurka egiten baitu beti espekulatzaileen interes berekoiak babestuz”. Uztaldi gaztetxea dagoen lokalak hamar urte baino gehiago zeramatzan itxita eta La Caixa banketxea da jabea. “Gazte Asanbladako kideok erabilpen bat baino ez diogu eman udalak asetzen ez dituen beharrizanak era autogestionatu batean asetzeko. Dena dela, epaileak berriz ere itxi nahi du lokala batek daki beste zenbat urtez”, deitoratu dute.

Igandean urgentziazko asanblada egin zuten Uztaldiko lagunek aurrerantzean emango dituzten pausoak finkatzeko.

Iturria: Bilboko Branka