jueves, 28 de junio de 2012

Patakon Gaztetxea desalojatua izan da


Goizeko 06:30ean sartu dira poliziak Matiko kaleko eraikinean eta husten hasi dira. Barruan zeuden bost lagunak identifikatu egin dituzte. Arratsalderako manifestazioa deitu dute (19:30ean) eta ostegunerako kazerolada udaletxe aurrean.

Ertzaintzak Bilboko Patakon Gaztetxea hustu egin du gaur goizaldean. Poliziaren sei furgoneta agertu dira Uribarri auzoko Matiko kalean eta eraikinean sartu dira indarrez. Barruan zeuden bost gazteak atera eta identifikatu egin dituzte baina ez dituzte atxilotu.

Albistea zabaldu eta berehala lagun ugari gaztetxera bertaratzen hasi dira prostesta egitera. Ertzaintzak gaztetxeko ate nagusia soldatu egin du berriz okupatu ez dezaten.

Patakon kolektiboak prentsaurrekoa emango du 11:00etan eta arratsalderako mobilizazioak deitu dituzte, 19:30etan abiatuko da manifestazioa Uribarriko landatik.

Bestalde, ostegunerako kazerolada deitu dute (11:00etan) udaletxean eta ostiralean, iragarri bezala, gaztetxearen inaugurazioa egiteko asmoarekin jarraitzen dute.

Identifikazioak eta mehatxuak

Duela bi aste Ertzaintza eraikinean sartu zen eta, hustu ez bazuen ere, hemeretzi lagun identifikatu zituen. Egun hartan, eraikina nahi zutenean hustu zezaketela mehatxu egin zuten ertzainek.

Eraikina ekainaren 1ean okupatu zuten Uribarriko hainbat lagunek auzoak azpiegitura aldetik zuen hutsuneari irtenbidea emateko eta Udalak alboratuta izan dituela salatzeko. Etxeak 50 urtetik gora zeramatzan hutsik eta okupatu arte ez dute inoiz erabili.