2012/06/06

Kukutzako epaiketako bi akusatuek ez zuten zaborrontzirik erre

Alemaniako bi ikasle epaitu dituzte gaur, Bilbon, Kukutza gaztetxea hustu ostean izandako liskarretan zaborrontzi bat erretzea egotzita. Defentsako abokatuak agiri berri bat erakutsi du epaiketan, Bilboko suhiltzaileena. Haren arabera, 19:20an erre zuten lehendabiziko zaborrontzia, Diaz Enparantza kalean. Akusazioak, ordea, bi ikasleei egozten die 18:15ean erretzea zaborrontzi bat, Gordoniz kalean.

Suhiltzaileen eta akusazioaren txostenak bat ez datozen arren, Fiskaltzak zigor eskaerari eutsi dio: hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du bi akusatuentzat. Defentsak, ordea, aske uzteko eskatu du, ez dagoelakoan froga bakar bat ere haien aurka.

Hain justu, frogatzat aurkeztu den datu bakarra bi akusatuek abokatuaren telefonoa eskuan idatzia edukitzea izan dela salatu du Carrok berak, defentsako abokatuak. Herritar guztiek defentsarako eskubidea dutela azaldu du Carrok, eta ohartarazi du datu hori ezin dela erabili ezeren frogatzat.

Alemaniako Abokatu Errepublikanoen Elkartearen begiradapean egin dute epaiketa. Elkarteko kideek esan dute azken datu hori salatzeko asmoa dutela. Bizkaiko Abokatuen Elkargora gaia eramateko prest agertu da, bestalde, defentsa.

Epaiketa egin aurretik, dozenaka lagunek kalejira egin dute udaletxetik abiatuta, epaiketa salatu eta akusatuei elkartasuna adierazteko. 11:30 aldera hasi da auzia, eta 14:30 aldera bukatu. Txaloka hartu dituzte akusatuak, irten direnean.