jueves, 31 de mayo de 2012

Ertzain bat epaitu dute Kukutzako liskarretan atxilotu bat zauritzeagatik

Ertzain baten aurkako epaiketa izan zen atzo Bilbon, instrukzio epaitegiko 10. zenbakian; hain zuzen, irailaren 23an Kukutza III gaztetxea utzarazteko izandako istiluetan Gorka T. izeneko gazteari atxilotzean ustezko lesioak eragiteagatik. Gurutzetako Ospitalaren agiri baten arabera, ertzainak tinpanoa zulatu zion gazteari. Horiek horrela, epaiketa epailearen erabakiaren zain geratu da, eta gutxi gorabehera bi aste barru emango du erabakiaren berri.

Atzo izandako epaiketan, Fiskaltzak auzipetua kondenatzeko froga nahikoa ez dagoela esan eta ondorioz absoluzioa eskatu zuen. Zalantzak izanez gero, auzipetuaren alde egin behar dela dioen zuzenbide printzipioan oinarritu zen erabaki hori hartzeko. Auzipetuaren abokatuak ere absoluzioa eskatu zuen.

Gaztearen abokatuak, aldiz, auzipetuari 1.200 euroko isuna ezartzeko eskatu zuen, baita beste 1.200 euroko kalte-ordainak ezartzeko ere, gazteari eragindako lesioengatik.

Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten eta Salhaketako bozeramaileak Karlos Hernandez bertan adierazi zuenez, Iñigo Lamarca arartekoaren txostena positiboa da. Agiri horretan Kukutzako istiluetan Ertzaintzaren esku-hartzea ez zela «egoeraren neurrikoa» izan adierazten du. Bestalde, Arartekoak salatu zuen Ertzaintzak ez ziola eskatutako informazio osoa helarazi.

Zentzu horretan, Hernandezek «oso larritzat» jo zuen Ertzaintzak, erakunde publikoa izanik, Arartekoaren eskakizunei ez erantzutea, horretara behartuta badago ere. Halaber, Ertzaintzari aurpegiratu zion Arartekoaren txostena «neurrigabea» dela esan izana. Dokumentuak poliziak Kukutzako istiluetan 105 pertsona kaltetu zituela jasotzen du, Salhaketak zenbatutakoak baino pertsona bat gehiago.

Horren harira, Hernandezek jakinarazi zuen 104 salaketa dituztela artxibatuta, eta 52 epaitegira iritsi direla, kaltetutako pertsonen salaketari esker edota horiek artatu zituzten medikuen salaketei esker.

Bestalde, Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak, Kukutzaren istiluen inguruan Iñaki Azkuna alkatearen isiltasuna gaitzetsi zuen. «Ertzaintzak Errekalden egindakoaren alde agertu zirenen isiltasuna ere salatzen dugu». Halaber, Rodolfo Ares Barne sailburuaren dimisioa eskatu zuen berriro ere.

Azkenik, Arartekoaren txostenak Ertzaintzak Kukutzako istiluetan izan zuen esku-hartzea «neurrigabea» eta «injustifikatua» izan zela agerian uzten duela adierazi zuen. Horregatik guztiagatik, jarritako salaketa guztiak azken muturreraino eramatearen alde agertu zen eta erantzukizun guztiak argitu behar direla nabarmendu zuen.